Txikijazz-aren laugarren aldiak, 2016ko uztailaren 22tik 24ra ospatutakoak, 9 kontzertu izan zituen eta 13 jarduera. Horrez gain, ekimenaren inflexio puntua ere izan zen: programazioa egokitu zuen hainbat gunetara eta proposamen berriak ekarri zituen.
Kursaaleko Terrazak marko ezin hobea izan ziren jaialdiarentzat. Momentu batzuetan, hori bai, Kursaaleko Foyer-era lekualdatu behar izan genuen euriagatik. Laugarren edizioak bi agertoki handi izan zituen: Kursaal Terraza eta Frigo Gunea. Azken horrek, egitarauko ekitaldiez gain, ekimen berri bat ere hartu zuen bere baitan: Txikijazz Band-aren kontzertua. Proiektu handi bezain hunkigarria izan zen.
Txikijazz Band izan zen iazko erronka handiena eta berritzaileena. Jazzaldiak apustu egiten du tokiko taldeen talentuaren eta jazzaren alde. Ildo horretan sakonduz, Txikijazz-ek gauza bera egin zuen. 10-14 urteko haur eta gazteei zuzendu zien ekimenean parte hartzeko deia. Aukera ematen zien musika banda bat sortzeko, ezagutzeko, esperimentatzeko… Dinamika horretan, formazio espezializatua jaso zuten lau egunez, eta egindako lana Frigo Gunean erakutsi zuten. Gune hori, orain arte, helduentzat bakarrik zen. Zortzi gaztek parte hartu zuten bandan, eta ekimenak sekulako arrakasta izan zuen.
Uztailaren 22a gris samar hasi zen arren, Tricia Evy-ren kontzertu goxoarekin inauguratu genuen jaialdia. Bere jazz-ak eta energiak animoak piztu zituen. Kursaaleko Terrazak jendez gainezka egon ziren 10:00etatik aurrera. Rebeca Aranzadi-k, Lacunza Gunean, bertaratutakoak dantzan jarri zituen, Urumea pasealekutik Broken Brothers Brass Band agertu zen arte. Giro ederra jarri zuen taldeak, jazz bizkorrarekin, eta berehala lortu zuen bertakoak txaloka eta barrez hastea. Momenturen batean euria egin zuen, eta Fnac Karpan bildu ziren gurasoak eta txikiak, irakurri eta Disney Karaokean parte hartzera.
Uztailaren 23ko goiza Bufa & Sons-en kontzertuak ireki zuen. Barre algara, txalo eta onomatopeia artean, taldeak aho zabalik utzi zuen publikoa. Soinuak erratzetatik, gurpiletatik, aulkietatik… ateratzen ziren. Euriak kontzertua errespetatu zuen, eta ondoren, jarduerak Kursaaleko Foyer-era lekualdatu genituen (musika eta app tailerra Makala DJarekin, Kometaren Jolas Gunea, Aurpegi Margoketa…). Eguraldi txarra gailendu zen, baina euriak ez zuen Nick Waterhouse famatua geldiarazi. Ondo erakutsi zuen musikarekiko pasioaren bidez edozertarako gai dela. Zale ausartek bertan aguantatu zuten. Ia kontzertu pribatua izan zen, hori bai, euripean: ez zen espero genuena, baina sekulako luxua izan zen. Arratsalde horretan, eguna ixteko, Mursego-k kontzertu-tailerra eman zuen Tabakaleran, Txikijazz-arekin elkarlanean antolatutako jardueran.
Hirugarren jardunaldia, orain arte, beti izan da mugituena. Uztailaren 24a La Souplesse de la Baleine-k ireki zuen, Frigo Gunean, eta lepo bete zen. Hainbat tailer ere izan ziren: musika eta app-ak Makalarekin, magia ikuskizuna, aurpegi margoketa, jolasak… Tentsio altuko momentuak, zentzurik onenean, bizitu genituen The Wackids-en Stadium Tour emanaldiarekin: energia eta elektrizitatea gaindiezinak izan ziren. Kontzertua ganberroa izan zen, eta dantzan jarri zuen terraza osoa.
Jaiari ginga Txikijazz Band-ak jarri zion. Publikoa negarrari eutsi ezinik egon zen. Parte-hartzaileek Frigo Gunean eman zuten kontzertua. Jaialdiak bandaren eskura jarri zuen material guztia; formazioa dagoeneko bazekarten. Talde profesionalen gisako emanaldia eskaini zuten. Lagunek, senideek eta haurren formazio musikala sustatzen duten jaialdiaren lagunek ez zuten hutsunerik bete gabe utzi gunean. Txaloak etengabeak izan ziren, benetan gozatu zuten. Denentzat izan zen esperientzia polita, baita antolatzaileontzat ere, eta ederki gozatu genuen parte-hartzaileen eta publikoaren artean sortutako momentu hunkigarriez. Txikijazz Band-a jaio zen.