Txikijazz Band-a BIG BAND bihurtuko da jaialdiaren 5. edizioan

Txikijazz Band-a BIG BAND bihurtuko da jaialdiaren 5. edizioan

 

Txikijazz Aurkezpena 2017

Txikijazz familiei zuzendutako musika-jaialdiak –uztailaren 22tik 24ra izango dena– bere bosgarren edizioko egitarau osoa aurkeztu du.

Hamasei jarduera gehituko zaizkio –jolas didaktikoetatik hasi eta musikarekin eta teknologiarekin esperimentatzeraino–, aurtengo ediziorako aurreikusitako 6 kontzertuko egitarauari.

Aurtengo kontzertuen ezaugarri nagusia aberastasun artistikoa da. 2017Ko Txikijazz estilo ezberdinetako musikaz osaturik dator: Alfred Spirli-Les Incendiairesen tramankulu musikalak; Kevin Mahogany-Hervé Sellin Trioaren jazz-blues-swinga; lindy hop eta rock&rolla dantzatzeko aukera Nafarroako The Good Time Rollers taldearekin, edota King Creosoteren folk-rock eskoziarrarekin.

Txikijazz Big Band

Aipatutako emanaldiez gain, aurtengo berritasun nagusia Txikijazz Big Bandaren sorrera eta kontzertua da.

Formazioa eta parte-hartzea bultzatzeko, eta aparteko esperientzia gisa, Txikijazz Band jarri zuen martxan Txikijazzek iaz. Lezio ederra eman ziguten 10-14 urteko 13 musikarik. Aurten harago joan gara: Txikijazz Big Band-a sortu dugu, kide, abesti eta denbora gehiagorekin.

Urtarrilean izena emateko epea ireki genuen. Martxotik ekainera Big Band baten sorrera esperimentatzeko aukera izan dute haurrek, eta debut kontzertua prestatzekoa, bi irakasle eta musikari profesionalekin (Javi Perez eta Iban Gurrutxaga). Jazz-hizkuntzan, irakurketa zifratuan, erritmoan, inprobisazioan eta taldeko lanean sakondu dute.

50 kide inguru dira, 10-14 urtekoak; 14-18 kontrabaxuaren eta saxo baritonoarekin kasuan. Honako instrumentuekin osatu dute taldea: bateria, gitarra elektrikoa, piano edo teklatua, tronpeta, tronboia, saxoa, ahotsa, baxua eta kontrabaxua.

Esperientzia hau amaitzeko Txikijazz Big Bandak kontzertua emango du Txikijazz Jaialdian, uztailaren 23an, 12:30ean Zurriola Terrazan.

Jarduera honekin Txikijazzek bere publikoa bihurtu du protagonista eta bat egiten du Donostiako Jazzaldiak, duela 52 urte abian jarri zenetik, jazzeko musikarien belaunaldi berriak ezagutarazteko eta haiei laguntzeko egiten ari den lanarekin.

Kartela: Fortun

Emanaldi musikalekin batera, 2017ko edizioko kartela ere aurkeztu dugu. Donostian bizi den Iñaki Elorza Fortun irundarraren lana da. Delineazioa utzi zuen diseinu grafikoan aritzeko, bereziki musikaren munduan.

Musikaria eta melomanoa, diskoetako portadak eta kartelak egitea da bere lan gogokoena eta nagusia: Berri Txarrak, John Berkhout, Sorkun, Oscar Mulero, Micah P. Hinson edota Wilcorenak egin ditu.

Kartelaren esanahiari buruz galdetuta, hauxe dio: “Udako koloreetan, Donostiako itsasoan inspiratua dago; kakalardo tronpeteroa, jazzeroa, The Beatles, tronpetak, tronboiak… eta nire estiloa. Denetarik apur bat”.

Jarduera ezberdinak

Aurtengo kontzertuekin batera, hainbat jarduera ludiko-didaktiko edota musika-esperimentazioa ere izango dira Txikijazzen.

Beste behin, Txikijazzeko kontzertu eta jarduera guztiak irekiak, doakoak eta familia guztiarentzat izango dira; goizez, 11:00etatik 14:00etara, Kursaaleko Terrazetan.