Ari da, pixkanaka, forma hartzen Txikijazz Big Band-a. Urtarrilean izena emateko epea ireki genuen. Ordutik, materiala pasatu eta entseatzen aritu dira interesdunak. Martxoaren 11n 55 musikari inguruk frogak egin zituzten, Javi Perez eta Iban Gurrutxaga irakasle eta musikariekin. Frogak pasatu zituzten musikariak hasi dira banaka entseatzen (50 inguru), eta taldeko entseguak egin ditugu atzo eta gaur.
Formazio eta parte-hartzea bultzatzeko, eta esperientzia bakun gisa, Txikijazz Band jarri zuen martxan Txikijazzek iaz. Lezio ederra eman ziguten 10-14 urteko 13 musikarik. Aurten harago joan nahi dugu: Txikijazz Big Band-a sortuko dugu, kide, abesti eta denbora gehiagorekin.
Azken finean, jazz banda bat sortzea da asmoa. 50 kide inguru izango ditu, 10-14 urtekoak (14-18 kontrabaxuaren eta saxo baritonoarekin kasuan). Aukeratuekin eta musika arloko profesionalekin jazz-hizkuntza, irakurketa zifratua, erritmoa, inprobisazioa eta taldeko lana lantzen ari gara martxotik uztailera. Uztailean aste osoko talde entseguak egingo ditugu.
Esperientzia hau amaitzeko Txikijazz Big Bandek kontzertua emango du Txikijazz Jaialdiaren 5. aldian.
Noiz: 2017ko uztailak 22, 23 edo 24.
Non: Txikijazz Agertokia.
Ordua: Goizez.